XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Sigmund Freud (Massachusetts) Worcester-ko Clark Universityko Dr. Stanley Hallek gonbidatu zuen bere ikerketa psikoanalitikoak azaltzera.

Jardunaldien amaieran honoris causa doktore izendatu zuten Sigmund Freud.

Freudek bere ahaleginen lehen aintzatespen ofizialtzat hartu zuen hori.

Hitzaldi haietan Freudek psikoanalisiaren sintesi bikaina eskaintzen du.

Argitasun eta zehaztasun handiarekin azaltzen die psikoanalisian entzule interesaturik zeuden baina adituak ez ziren batzuei une hartako jakite psikoanalitikoa;

haren aurrekoak, hasiera zalantzakorrak, lehen aurkikuntzak, haiekiko erresistentziak, nerbiozko deituriko gaixotasunak ulertzeko haien garrantzia eta haien ahalbide terapeutikoak.

Freudek bere aurkezpenetan psikoanalisia definitzen duten oinarrizko hiru aspektuak artikulatzen ditu.

Hots: Psikoanalisia aldi berean metodo terapeutiko, inkontzientea ikertzeko metodo bat eta teoria psikologiko bat da.

Kasuren bat aditzera emanez erabilitako ikerketa-metodoa, lortutako aurreratze terapeutikoak eta ateratako ondorio teorikoak aurkezten ditu.

Lehen hitzaldian metodo berriaren jatorria aurkeztu zuen, asoziazio askearena, Berta Papenheim neska gazte histeriko baten tratamenduan lehen aldiz erabiliarena, zeinaren historiala bilduta ageri den Dr. J. Breuer eta S. Freudek elkarrekin argitara eman zuten Histeriari buruzko azterlanak (1895) obran.

Kasu hori oinarritzat harturik neurosi histerikoaren funtsean barrentzen da, eta sintomen eta gertakari traumatikoen arteko erlazioa aurkezten du, haiek hauen hondar eta sinbolotzat hartuz.

Hitz batean, kausa-harremana aurkitzen du pazientearen sintoma eta bizitzaren artean, horrela ordura arte ulertezinak diren gertakariak gaixotasuna ulertzea ahalbidetuz.

Bigarren hitzaldian metodoaz hitz egiten du, Asoziazio askeaz, eta horren jatorriaz.